KANBODIAK
ONGI ETORRI BEROA
Ongi etorri beroa eman digu herrialde honek
zentzu askotan. Lehenengo beroaldia mugan bertan izan genuen mugako
poliziarekin. Guk bagenekin bisaren kostua 20 dolarrekoa zela, baina
bagenekien baita ere gehiago eskatuko zigutela, horrelaxe esan baitziguten
beste bidaiari batzuk. Bisa eskatzeko orria beteta eta pasaportea eman
genizkion emakumezko poliziari eta hortxe eskatzen dizkigu 25 dolar bisa
bakoitzeko. Guk ezetz, badakigula 20 direla eta ez dizkiogula gehiago emango.
Purrustaka hasi zitzaigun builaka, ezer ez dakigula esanez. Guk, lasai lasai,
berriz ezetz, badakigula 20 dolar direla eta ez dugula gehiago ordainduko.
Oihuka bulegotik kanpo bidali gintuen eta kanpoan itxaroteko esan. Bost
minuturen ostean pasaporteak berriz eskatu eta 20 dolar bakoitzeko. Biba! Kanbodian
gaude!
Lehenengo egunetan Kardamomo mendien hegoaldeko zatia zeharkatu genuen. Kardamomo mendiak oihanez estaliak
daude eta guk pasatako zatian altuera handirik ez badago ere aldapa politei
aurre egin behar izan genien.
Eskerrak laguntzatxoren bat ere jasotzen dugun
noizean behin.
Ongi etorri beroa izan da jendearen
berotasunagatik. Lehenengo egunetatik sentitu dugu jendearen irribarrea eta
poztasuna. Trapang Roung herrixkan Chhay Karn anderearen etxean lo egin
eta arratsalde ederra pasa genuen familiarekin.
Etxeko mutila eskolako lanak egiten. Eskuineko
eskuan arkatza eta ezkerrekoan esku-argia.
Haurrek etengabe, uneoro, “hello, hello”
oihukatzen digute bizikletaz goazela. Gu denei erantzuten saiatzen gara baina
batzuetan ezinezkoa da! Hori bai, argazkia ateratzera gerturatuz gero… aurpegia
aldatu zitzaien neskatila hauei.
Edozein toki da ona agurtzeko.
Itsasoari denboraldi batez agur esateko aukera
polita eman digu Kanbodiako
kostaldeak. Kampot herrian arrantzalea kaiola uretara jaurtitzen.
Kep herrian behar bezalako agurra eman genion: arraina jan, hondartzara
joan eta ilunabar ederraz gozatu. Kepeko
Karramarro Merkatuak oihartzun handia du.
Emakumea saskitik karramarro freskoa hartzen.
Kanbodiar familia asko hurbiltzen da Kepeko hondartzara.
Eta ongi etorri beroa eman digu Kanbodiak tenperaturak gorantz
doazelako eta eguzkiak geroz eta gogorrago jotzen duelako. Pnhom Phen hiriburura iritsi aurreko bi egunetan bero galanta izan
genuen. Bizikletetako potoetan daramagun ura pixa bezain bero jartzen da eta
geroz eta geldialdi gehiago egiten ditugu ur hotza edateko.
Euskal
Herrian bere garaian esneketaria edo butaneroa ikusten
bagenituen, hemen izotz banatzailea dugu. Kamioia sekulako izotz pusketaz
beteta dendaz denda izotza banatzen doa.
Gero dendariek puska txikiagoetan zatitu eta, argazkian
ikusten den bezala, elektrizitaterik gabeko izotz kutxa laranja eta gorritan sartzen dituzte edari, janari eta hotz
mantendu beharreko guztiarekin. Guri zerbitzu ederra egiten digute!
PHNOM
PENH
Bero galantarekin iritsi ginen hiriburura
baina bertan lasaitzeko aukera izan genuen. Phnom Penh ez da hiri handia eta nahiko lasai ibili ginen gora eta
behera bertako txokoak ezagutzen. Mekong ibaiaren ertzean dago hiria eta giro
polita sortzen da ibai ertzean dagoen pasealekuan. Hori bai, ibaia gurutzatzeko
itxaronalditxo bat egin behar dute bertako biztanleek. Horretan aurkitu genuen
moto andana.
Ontzia etorri eta denak barrura.
Batzuk bainua hartzeko ere adorea dute. Garbia
egongo ote da ura?
Turismoari gure denbora eskaini genion. Museo Nazionala
Errege
Jauregia
Independentziaren
monumentua
Eta jarraian, tarte berezia merezi duen, Tuol Sleng Genozidioaren Museoa.
Benetan latza da toki honetan gertatutakoa. 1975. urtean Khemer Gorriek , Pol Pot
liderrak aginduta, eskola hau jendea atxilotzeko, galdeketak egiteko,
torturatzeko eta erailtzeko prestatu zuten. Eskola hutsik zegoen hiriko jende
gehiena landa eremuetara bidali baitzuten lan egitera. 1975. urtetik 1978. urtera
milaka pertsona pasa ziren hemendik eta gehienen patua heriotza izan zen.
Atxilotuen argazkiak, dokumentuak, konfesio behartuak, tortura tresnak… ikusgai
daude. Oso latza da. Irudi gogorrenak ez ditugu jarri baina gai honi buruz
gehiago jakin nahi duenak erraz eskuratu dezake informazioa sarean. Hain toki
ederra eta bizia den ikastola bat zertan bihur daitekeen.
Herrialde honetako bizitasuna ikusita oso
zaila egiten zaigu duela hain gutxi horrelako basakeriak gertatu direla pentsatzea. Heriotzatik bizira pasa ginen
azkar asko, kolore bizi-biziak baitauzka hiri honek gaur egun. Toki bizietan
bizienak merkatuak dira.
Kanbodiako biztanleek izugarri gustuko dituzte hamakak. Edozein txokotan
aurkitu dezakezu bat eta bertan norbait etzanda atsedena hartzen. Eguerdian,
eguzkiak gogor jotzen duenean, orduan bete beteta daude gehienak.
Merkatuko dendariek aulkirik ere ez dute behar
beraien dendatxoetan.
Guretzat Phnom
Penheko gauzarik politenetakoa arratsalde partean sortzen den giroa da.
Jendeak kalera jotzen du, parkeetara, pasealekuetara, jarduera fisiko
ezberdinak egitera; oinez, korrika, pilotarekin… eta martxosoenak, dantzatzera! Taldeetan sakabanatzen dira
txoko ezberdinak antolatuz eta talde bakoitza bere musikarekin, koreografiekin eta gidariarekin sekulako
aerobic saio irekiak antolatzen dituzte egunero.
Konturatu gabe joateko ordua iritsi zitzaigun.
Toki interesgarria iruditu arren orain Tonle Sap lakurako bidea hartu behar
dugu. Hori bai, modu solemnean esan genion agur Phnom Penhi Erregea Jauregiaren
aurrean.
UR
(TOMLE SAP)
Etxeak
Phnom
Penh utzi eta kilometro gutxira Kanbodiako nekazal paisaiaz inguratuak geunden. Nekazaritzaz bizi
da kanbodiarren gehiengoa oinarrizko gauzekin.
Gurean asteburutan autoa garbitzea oso ohikoa
bada hemen animaliak garbitzen topatu ditugu batzuk.
Bidean topatzen ditugun tenplu guztietatik baten
bat bisitatzeko tartea hartu dugu.
Tomle
Sap lakura iritsi eta bertan topatu genuen Kompong Luang herrixka. Herria lakuan
dagoenez bertara iristeko modu bakarra txalupa hartzea da.
Asian zehar aurkitu daitezkeen ur gaineko herri hauekin txundituta gaude.
Lurreko herriek duten guztia daukate baina, hori bai, dena ur gainean. Orduak
eman genituen bertako bizitzaz gozatzen.
Etxeak
Dendak
Kaleak
Etxez etxeko saltzaileak
Haurrak eskolara
Eta, nola ez, arrantzaleak. Beraiek dira herri
honetako eta laku osoko protagonistak. Lakuak ematen dien arrainez bizi dira
familia gehienak eta berein inguruan sortu dira ur gaineko herrixka hauek.
Adinak ez du garrantzirik.
Bertan gaua egiteko aukera izan genuen. Ilun
egon arren bizitzak ez du etenik.
Kompong
Luang atzean utzi genuen Battambang hirira joateko baina oso bizipen ederrak eraman genituen gurekin.
Tailandian ez bezala hemen moto gutxiago eta bizikleta gehiago ikusten da.
Ikasle gehienak bizikletaz hurbiltzen dira eskolara. Oso pozgarria da ikastetxeetako aparkalekuak ikustea.
Kanbodiako emakumeak oso dotoreak dira eta, ahal dutenek, asko zaintzen dute
beraien burua. Oso ohikoa da hanketako eta oinetako azkazalak dotoretzen
ikustea. Battambangeko merkatuan dendariak
beraien postuan zebiltzan,edozein toki da aproposa atontzeko.
Alforjak ostatuan utzi eta Battambangeko inguruak ezagutzeko
eguneko txango bat egin genuen. Errepide nagusiak utzi eta kolore grisa gorri
bilakatzen da.
Hirietan zein herrietan hamakek arrakasta
handia dute.
HARRI (ANGKOR)
Battambangetik Siem Reap hirira
txalupaz joan ginen. Lehenengo ibaitik eta gero Tomle Sap lakutik berriz ere. Siem
Reap hiri ezaguna da gaur egun Angkorreko
tenplu ezagunak bisitatzeko oinarrizko kanpamendu bilakatu delako. Hiria, egia
esan, ez zitzaigun batere gustatu. Turistentzat antolatutako makina bat denda,
jatetxe, hotel, taberna, bidaia-bulego… imajina dezakezuen guztia eta gehiago. Baina Angkor
hortxe dago eta milaka eta milaka pertsona erakartzen ditu urtero. Zergatia
ulertzeko aukera izan genuen.
Toki ederra izateaz gain oso eremu zabala hartzen du. Dozenaka tenplu dago bertan, txikiak, handiak, berrituak, berritu gabeak … bi egun oso eman genituen gure bizikletak hartu eta ingurua ezagutzen.
Toki ederra izateaz gain oso eremu zabala hartzen du. Dozenaka tenplu dago bertan, txikiak, handiak, berrituak, berritu gabeak … bi egun oso eman genituen gure bizikletak hartu eta ingurua ezagutzen.
Tenplu famatuenetarikoa bat Bayon tenplua da, bere aurpegi ugariengatik
ezaguna.
Beste tenplu asko oihanak janda jarraitzen
dute oso imajina ederrak eskainiz, magikoak.
Naturak bere hatzaparrez estaltzen du gizakiaren
lana. Lehenengo estali eta gero jan.
Angkor asko gustatu zitzaigun, baina ez aztarna zaharrengatik bakarrik,
inguruan dagoen bizitzagatik ere bai.
Turistoi gauzak saldu nahian kanbodiar ugari
dabil inguruan. Margolari hau bere margoak saldu nahian zabilen.
Angor osoko tenplurik garaiena eta ezagunena Angor Wat da. Kanbodiarrentzat tenplurik garrantzitsuena da,
beraien banderan ere agertzen da irudia.
Angkorri agurra bizikleta gainean eman genion. Iparralderako bidea hartu
genuenean azken aldiz pasatu ginen
tenpluen aurretik. Laoseko muga dugu
helburu.
AGUR
KANBODIA
Kanbodiako azken egunak egunik gogorrenak izan dira guretzat. Siem Reap turistikoari eta Angkorreko tenpluei agur esan eta ibilbide turistikotik at geratzen den bidea hartu genuen Stung Treng herrirantz. Asfaltoa lurragatik aldatu genuen.
Nahiz eta lurrezko pista egoera onean egon lau
egun gogor izan genituen beroagatik batez ere. Herriz herri ibili ginen oso zonalde
apalean. Gauza gutxi inguruan.
Errepidea berritzen dabiltza zonalde honetan
eta errepide ertzean etxe berri asko eraikitzen. Egurrezko etxeak, inguruko
basoetatik ateratako egurra.
Batzuek
lanerako langileak dituzte. Beste batzuk, familia honek bezala, beraien etxe
propioa eraiki behar dute.
Errepide berriek zubi berriak behar dituzte.
Kanbodiako beste eremuetatik etorritako familiak dira asko. Beraien zonaldean
lantzeko lur gutxi daukate eta inguru honetan lurra soberan dago. Baina lurra
lantzeko prestatu egin behar da eta horretarako lehenengo pausua baso zati bat
erretzea da. Batzuetan nahiko desolatua agertzen zen paisaia.
Kasaba moztu eta lehortzen jartzen dute toki
askotan. Inguratuta aurkitu genuen emakumea.
Beroari aurre egiteko, bertako jendeak egiten
duen bezala, putzu azpian burua sartuz gure burua freskatzen dugu.
Bide-lagunak
Tokiz toki mugitzeko garraioa beti jendez eta
trastez gainezka
Srilau herrixkan lo egitea egokitu zitzaigun eta ez zegoen gauza handirik
inguruan. Galdezka hasi eta bikote honek beraien etxean lekua egin zigun. Hauek
ere Kanbodiako beste zonalde batetik
etorri dira hona lur eta bizitza berri baten bila.
Hori bai, etxea eraikitze prozesuan zegoen.
Egurrezko bi horma eta teilatua zituen eginak.
Afaltzeko zeukatena eman ziguten, arroza eta
arrautzak, eta gosaltzeko gauza bera.
Bizilagunak ere oso jatorrak ziren eta
saltsan ibiltzeko aukera izan genuen.
Goizean goiz gauzak prestatu eta berriz bidera.
Agur eta eskerrik asko!
Herrialde bakoitzean gure bizio txikiak
aurkitzen ditugu eta Kanbodian ere
egon dira:
Ogia. Benetako ogia topatu dugu Kanbodian, zenbat hilabete ogirik jan
gabe! Makina bat ogitarteko jan ditugu.
Kafea izotzarekin. Kafe beltza esne
kondentsatuarekin nahasten dute. Egunean bi gutxienez.
Eta anana. Zeinen gustura jan ditugun ananak.
Oso osorik eskatu eta sekulako abileziarekin zuritu eta mozten dituzte jateko
prest utziaz.
Kanbodian gauza gehienak oso onak izan badira ere, bere aurpegi latza ere badu.
Ingurune honetan gerra garaian mina ugari erabili zen. Gerra bukatu arren, lur
azpian jarraitzen dute mina hiltzaile askok eta gaur egun ere mina hauengatik
jendeak zauritu edo bizitza galtzen du. Kanbodian
gertutik bizitu dugu drama hau. Jende ugari ikusi dugu hankarik gabe, besorik
gabe edota itsu. Ia egunero topatu dugu elbarrituren bat eta hori ez da
kasualitatea.
Plastikozko ordezko hanka dauka familiako
aitak.
Angkorreko zaindariari eskua falta zaio.
Baina agurra irribarre batekin eman nahi diogu
Kanputxeari (bertako askok, oraindik,
herrialdearen izen zaharra erabiltzen du). 1.300 km izan dira bizikletaz,
gehienak lauak, eta kilometro gehienetan haurren bat “hello hello” oihukatuz
izan dugu. Kosta, hondartza, historia, lakua, tenpluak, Mekong… denetarik
izan dugu. Hartu gintuen berotasunarekin agurtu dugu herrialdea hain gustuko dituzten hamaka batetik.